Goimekek Jupiterrera bidea hartu du JUICE esplorazio misioan parte hartzeko
11-04-2023- Danobatgroupeko doitasun handiko mekanizazio enpresak Sener Aeroespacialekin lankidetzan aritu da JUICE misioan, gure eguzki sistemako planetarik handiena esploratzeko
- Goimek MGAMA edo irabazi ertaineko antenaren hegaldi modeloaren islatzaile nagusia fabrikatzeaz arduratu da, baita horren elementu osagarriak ere, horrela, ontziaren egonkortasun termikoa eta irrati frekuentziako prestazioak bermatzeko
- JUICE misio espazialaren helburu nagusia da Jupiter eta horren hiru satelite natural handienak esploratzea -Ganimedes, Kalisto eta Europa-, eta datorren ostegunean, apirilak 13, aireratuko da
2021eko otsailean ‘Marteko konkistan’ parte hartu ondoren, Goimek, doitasun handiko mekanizazio eta mekanizazio handiko enpresa, mugarri historiko batean sartu da berriro munduko industria aeroespazialaren barruan. Oraingoan, urrats bat haratago egin eta SENER Aeroespacialekin lankidetzan aritu da, JUICE -JUpiter ICy moons Explorer- misioan, Jupiter planeta eta horren hiru satelite natural handienak esploratzea helburu: Ganimedes, Kalisto eta Europa.
Misioa Europako Espazio Agentziak zuzenduko du (ESA), NASArekin lankidetzan, eta datorren ostegunean, apirilak 13, abiaraziko da, gainazalen azpian dituzten ozeanoak ezaugarritzeko, hiru ‘ilargiak’, ez bakarrik zeruko objektu interesgarri gisa, baita bizia hartzeko bitarteko posible gisa ere. Gainera, ikerketak planetako eta hiru satelite horietako atmosfera eta eremu grabitatorioak aztertuko ditu.
Jupiterreranzko bidaiak zortzi urte iraungo du, eta Danobagroupek presentzia nabarmena du, bere negozioetako batek, Goimekek, SENER Aeroespacial enpresarekin egin baitu lan JUICE espazio ontziak daraman irabazi ertaineko antena fabrikatzeko (MGAMA, ingelesezko siglengatik -Medium Gain Antenna Main Assembly-).
Antena bi ardatzetan orienta daiteke, X eta Ka bandetan jarduten du, bai ontziaren eta Lurraren arteko norabide biko komunikazioa lortzeko, bai zundak irrati maiztasunarekin daraman esperimentuaren funtzionamendua bermatzeko.
Zehazki, Goimek arduratu da islatzaile nagusia fabrikatzeaz, 0,7 mm-ko lodiera duen titaniozko pieza, 500 mm-ko diametroa eta oso doitasun handiko perdoi geometrikoak dituena, baita sistemak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren elementu osagarriak fabrikatzeaz ere: strutak eta subreflektorea. Goimekeko sektore aeroespazialeko Jon Garcia arduradunaren hitzetan, “garapen honek erronka garrantzitsua ekarri dio gure taldeari eta aukera eman digu horrelako piezetan ditugun ezagutzak zabaltzeko, benetako espezialista bihurtu arte”.
Doitasun handia Jupiterren eta Lurraren arteko komunikaziorako
Pieza horiek fabrikatzeko orduan, hainbat alderdi hartu dira kontuan. Geometriatik hasita, mekanismoaren funtzionamendu egokia bermatzeko, kostuetan aurrezteko arinak diren materialak erabiltzeraino, baina, aldi berean, zorrotzak eta iraunkorrak direnak, Jupiterren ‘ilargi’ izoztuetako muturreko baldintzak jasateko gai izateko.
Hori bezain proiektu handi batean parte hartzea mugarri berria da Goimeken ibilbidean. Marc Souto kooperatibako zuzendari komertzialak zehaztu duen bezala, “horrelako proiektu garrantzitsu batean parte hartzea oso bizigarria izan da. Desafioa izan da, baina baita aukera bat ere geometria eta material konplexuak dituzten piezen doitasun handiko mekanizazioan dugun potentzial guztia ikusarazi ahal izateko, eta baita profesional bikainez osatutako gure taldearen talentuaren eta egikera onaren balioa nabarmentzeko ere”.
Danobatgroupeko kooperatibak 30 urte baino gehiagoko ibilbide luzea du sektore aeroespazialeko eskaririk zorrotzenei soluzio teknologikoak eskaintzen. Gaur egun, Goimekeko doitasun handiko mekanizazioak lurreko orbitatik irten diren hainbat gailutan daude, nazioarteko programa espazialen bidez, horien artean egonik Solar Orbiter, Perseverance, non Goimekeko pieza mekanizatuek planeta gorria zapaldu zuten duela bi urte edo, orain, gure eguzki sistemako planetarik handiena den Jupiterrerako proiektua.
Goimeki buruz
Goimek doitasun handiko mekanizazioan eta mekanizazio handietan espezializatutako enpresak 50 urte baino gehiagoko esperientzia dauka hainbat sektoretako bezeroei soluzio integralak eta espezializatuak eskaintzen, hala nola sektore aeroespazialekoei, makina-erremintaren sektorekoei, energia eolikoaren edo ekipo ondasunen sektoreetakoei, besteak beste.
Konpainia Danobatgroup enpresa taldeko kide da, eta pieza mekanizatuen hornidura katearen behar guztiak barne hartzen ditu, tartean direla lehengaia erostea eta pieza mekanizatuak egiaztatzea eta ziurtatzea ere bai.
Danobatgroupi buruz
Fabrikazio industrialaren arloan 65 urteko ibilbidea du Danobatgroupek, eta kualifikazio handiko 1.400 pertsonak baino gehiagok osatzen dute bere plantilla. Taldea erreferentziazko agentea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.